arnasketa
Eguneroko bizitzean arnasketak iraunarazte soila baino garrantzi askoz handiagoa baldin badu, zenbait doktrina kontenplalarik eta teknika sofrologikoek ezagutarazi dutenez, haizezko musika tresna baten jotzaile izan nahi duenarentzat are premiatsuago eta nabarmenago gertatzen da. Noski, bibolinistari uztaia bezala zaio haizezko musikalariari arnasketa.
Txistularion kasu konkretu honetan, harrigarri da oso inoiz inor arnasketaren azterketa sistematiko bat egitera ez abiatzea, dudarik gabe, jotzearen akats askok eta txistu irakaspenaren porrot ugariek arlo honetan baitute beren jatorria.
Egia esan, maiz erabili izan ditugun txistuek berek, hain gogorrak izaki, arnasketa arazoaren irtenbide desegokia baldintzatu eta eragin egin dute.
Txistuari dagozkion arnasketa tankerarekin hasi baino lehenago, komeni da arnasbideari buruzko zenbait ohar egitea.
-Arnasbidean honoko elementuok aurkitzen dira: sudurra eta ahoa, laringea, zintzurrestea, birikak eta diafragma (1. irudia).
1. irudia1.-Laringea2.-Zintzurrestea (trakea)3.-Eskuineko birika4.-Ezkerreko birika5.-Diafragma6.-Gibela7.-Urdaila8 eta 9.-Saihetsak10.-Esternoia
Airea sudurretik edo ahotik barruratzen da, zintzur heztetik iragaten da eta, beronen bi adarretan zehar, biriketan sartzen da. Diafragma zeharreko gihar zabal bat da eta digestio eta arnasketa soin zatiak bereizten ditu, bien artean kokatzen delarik. Bera da arnasketa higiduraren eragile nagusiena. Arnasketa higidurak bi aldi ditu, arnas gora eta arnasbehera, zeinen artean une motz batez airea blokeiatu eta etenaldi bat egiten baita. Arnas gorakoan, birikak puztu egiten dira eta handitu, bular kaiola, diafragmaren beherstzapenaren ondorioz, zabaltzen den arauetan. Saihetsen gorapena automatikoki jazotzen da.
Arnasbeherakoan, alderantziz, diafragma gora dihoa eta saihetsak behera. biriketan dagoen airearen parterik handiena atera eraziz. Arnasbeheran irteten den aire hauxe bera da, txistuaren hodian bibratzen hasiz gero, hots musikala sortzen duena.

Zabaldu
del.icio.us